VICOMTech
VICOMTech, Computer Graphics-eko, ikus-entzunezko eta komunikazioko teknologien zentroa da, eta Informazioaren eta Jakintzaren Gizarterako Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien bitartez (IKT) ezagutzak garatzen dituen erakundeetako bat da. Aipatutako teknologiak enpresa-lehiakortasunean izaten ari diren eragina eta horrek adierazten duena kontuan hartuta, VICOMTech-en lana oso garrantzitsua da Euskadin, eta, gainera, bat dator enpresak eta herrialdea Informazioaren eta Jakintzaren Gizartean garatzeko Eusko Jaurlaritza egiten ari den sustatze-lanarekin. Beraz, VICOMTech-ek espezializazio-alorrek eta haren proiektuek Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea garatzen laguntzen dute.
VICOMTech HIZKING21 proiektu estrategikoaren buru izan da, eta TARVITEKek parte hartu du. Lehenengoa Infoingeniaritza Linguistikoaren Programaren barruan dago, eta bigarrena, Errealitate Birtualaren Programaren barruan, 2001-2004ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planeko Ikerketa Estrategikoaren alorraren barruan. Bi proiektuetan, EAEn garrantzi handia duten sektoreetan –esaterako, automobilgintzan, eraikuntzan, hezkuntzan, aisian eta turismoan– teknologia horien aplikazioari buruzko ezagutzak sortzen laguntzen du VICOMTech-ek.
VI. Esparru Programaren lehentasunezko gaietako bat da Informazioaren eta Jakintzaren Gizartea, jakintzan oinarritutako gizartea garatzen laguntzen duen lehentasun gisa hartuta. Programaren lehentasunezko arloen barruan, VICOMTech-ek jakintzaren eta interfazeen teknologietan jarri du interesa, eta aplikazioen eta zerbitzuen erabilera hobetu du, jakintza eskuratzeko eta moldatzeko, nabigatzeko, irudikatzeko, bistaratzeko eta interpretatzeko prozesu berriak erabili ditu, eta interfaze berri adimendunak, nonahikoak, eleanitzak eta plataforma askotakoak ezarri ditu Informazioaren eta Jakintzaren Gizartearen zerbitzu aurreratuei lotutako kontzeptuetara gerturatu ahal izateko.
Europako Batzordeak diru-laguntza eman die VICOMTech-ek Europa osoan banatuta dauden bazkideekin lankidetzan martxan dituen hiru ikerketa-proiekturi. Horrek argi eta garbi erakusten du VICOMTech onartua dela politiken eta ekintzen laguntzaile den ikerketa-zentro gisa.
Zentroko espezializazioko SAIOTEK programen barruan, VICOMTech Elkarteak adierazi du zerbitzu aurreratuen aldeko apustu garbia egingo duela hurrengo hiru urteetan.
ROBOTIKER
Robotiker Zentro Teknologikoa, TECNALIA Korporazio Teknologikoko kide izanik, Informazio eta Komunikazio Teknologietan espezializatuta dago, eta Berrikuntza Teknologikoaren bidez gizartearen garapen jasangarrian aktiboki eragitea du helburu. Ingurune Adimena ROBOTIKERen Espezialiazioa eta Bikaintasunaren alor giltzarri eta estrategikoetako bat da, eta ikuspegi horren inguruan egiten du lan ROBOTIKERen INFOTECH unitateak.
ROBOTIKER INFOTECH unitatea Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) ikerketan, garapenean eta aplikazioan –bai enpresaren bai gizarte digitalaren alorrean– espezializatua dago. ROBOTIKER INFOTECH Unitateak, bere izaera horizontalagatik, konponbideak eskaintzen dizkie teknologia horiek balio erantsia sortzeko eta/edo ustiatzeko giltzarri gisa dauden sektore guztiei –finkatuei zein sortzen ari direnei–. Ingurune-adimeneko ikuspegia lortzeko bidean aurrera egiteko beharrezkoak diren teknologia berrien garapenera zuzenduta daude Unitatearen I+Gko jarduerak. Haren espezializazioetan sartzen dira interfaze adimendunak (Teknologia infolinguistikoak eta ikusmen kognitiboa) eta Jakintzaren Teknologiak (Web semantikoa, Ontologiak eta Oharrak).
Interfaze adimendunak eta teknologia infolinguistikoak funtsezko elementuak dira ROBOTIKERen apustuaren barruan, eta argi islatuta ikusten da hori SAIOTEKen ADAPTA proiektuaren bitartez (Ingurune adimendunak egokitzea errazten duten teknologiak). Pertsona ezagutzera bideratutako helburuekin: erabiltzailea ezagutzea bere laguntza esplizituarekin edo gabe, modu ez-intrusiboan, ingurunea eta pertsonaren posizioa edozein dela ere, bizkor eta modu eraginkorrean eta, ahal bada, gailu ez-espezifikoak erabiliz. Ingurunea egokitzera bideratuak: Pertsonaren nortasunaren, profilaren eta egin beharreko elkarrekintza-motaren arabera, ingurunea testuinguruan ezartzea modu adimendun eta dinamikoan. Eta ikerkuntzako bikaintasuna sortzera bideratuak: Zentro teknologikoa eta etorkizunean hari lotutako enpresak ingurune adimendunen eta teknologia biometrikoen ikerketan puntan-puntan jartzeko adina masa kritiko sortzea. Eta ETORTEKen barruan, HIZKING21 proiektuan parte hartuz. Jakintzaren Teknologietan, aipatzekoa da ONTOBIO proiektua (Datu biologikoen jakintza ateratzeko ontologiak); jakintzaren eremuan dauden ontologiak aplikatzen dira, bai konbinatuz (ontology merging) bai elkartuz (ontology mapping) oharpenen bidez eta web zerbitzu semantikoen bidez ustiatzeko. Halaber, aipatzekoa da TILA Eskaintza/Eskaria proiektua (Translator Interlingual Application), teknologia aztertu zuena itzulpen automatikoko sistema eramangarri bat definitu ahal izateko, turismo-sektorearen barruan.
Horrez gain, Bilboko Ingeniarien Goi Eskolako ikasketa-amaierako proiektuak kudeatzen eta koordinatzen ditu, Teknologia Linguistikoen alorrean. Proiektu horiek unibertsitatean garatutako baliabide eta tresnetan oinarritzen dira, eta horiei balio erantsi bat eman nahi zaie enpresen beharrak bete ahal izateko.
Nazioartean, ROBOTIKERek hainbat komunitatetan parte hartzen du AMI@Work ekimenaren barruan (New Working Environments) –bereziki, Mugikortasuneko (Mobility@Work) eta Jakintzako ekimenean(Knowledge@Work)–, eta ebaluatzaileak ditu FP6ren barruan, Web Semantikoarekin lotutako eremuetan. ROBOTIKERek 4 IPetan ere parte hartzen du ISTren barruan (LIASON, MUSE, OPERA eta PULSERS) Ingurune Adimenarekin lotuta.
Halaber, ROBOTIKER arduratuko da komunikazioa egon dadin proposamen horren eta AmIGUNE proposamenaren artean –bera da horren buru–, bi proiektuetako emaitzak indartzeko asmoz.
ELHUYAR
Elhuyar Fundazioaren helburua da, Fundazioko estatutuen 6. artikuluan adierazten den bezala, “Zientzia eta teknologiaren esparruan, dibulgazio-, sustapen-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egitea eta sustatzea, bai eta euskararen garapen osoaren bidean –normalizazioaren zein estandarizazioaren eremuetan– aholkularitza-, dibulgazio-, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak egitea eta sustatzea ere, euskal gizarte eleanitzaren testuinguruan.”
Horretarako, Fundazioak jarduera hauek egin ditzake, besteak beste: A) Euskal Herriko zientzia-ikerketa eta garapen teknologikoa ezagutaraztea Euskal Herrian zein munduan. B) Hezkuntza-sistemaren eta Zientzia eta Teknologiako sistemaren arteko harremanak bultzatzea argitalpen, jardunaldi, topaketa, mintegi eta abarren bidez. C) Masa-hedabideen bidez zientziaren eta teknologiaren gizarteratzea sustatu, bultzatu eta laguntzea. D) Euskararen gizarte-normalizazioa bultzatzea eta bideratzea, eta, horretarako, beharrezko ikerketa- eta garapen-jarduerak sustatzea eta gauzatzea. E) Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriak gizartean txertatzeko bultzatzea, eta, bereziki, hizkuntzaren tratamendurako baliabide informatikoen alorrean ikerketa, garapena eta berrikuntza teknologikoa egitea eta sustatzea.
Elhuyarrek hainbat hiztegi elebidun, elebakar, espezializatuak eta orokorrak egin ditu; hain zuzen, eremu horretan erreferentzia nagusia da. Gainera, Elhuyar Kultur Elkartearen 2000-2003ko Plan Estrategikoan –lehen hala izena zuen Elhuyar Fundazioak– argi jasotzen da hizkuntzaren tratamendu informatikoko teknologietan inbertsioak egiteko beharra. Ildo horretan, 2001ean sortu zen I+G unitatea Elhuyarren.
Elhuyar Fundazioaren egungo ikerketa-eremua hizkuntzalaritza konputazionalean oinarritzen da: datu-base lexikologiko eta terminologikoak, corpusaren hizkuntzalaritza eta testu idatzietako fitxategietako informazioa kudeatzeko eta aztertzeko tresnak, beti ere hizkuntzalaritzari dagokionez. EHUko Informatika Fakultateko IXA taldearekin batera Eleka SL sortu zuen 2002ean. Enpresa horren helburua da batez ere bi bazkideek garatutako eta eskuratutako oinarrizko ezagutzan oinarritutako produktu infolinguistikoak garatzea eta merkaturatzea.
Hizking21 proiektu estrategikoaren barruan – Elhuyar Fundazioa hemen aipatu ditugun kideekin batera aritu zen– Elhuyar Fundazioak hainbat baliabide eta tresna sortzen eta garatzen jardun du, eta aipagarria da testuak erdi automatikoki etiketatzeko tresna bat, euskarara ad hoc egokitutako TEI zehaztapenetan oinarrituta. Tresna hori erabiliz, corpus linguistikoak egiteko kostuak nabarmen murritz daitezke.
AHOLAB
AhoLab taldea Euskal Herriko Unibertsitateko zentro eta sail batzuetako irakasleek osatzen duten diziplina anitzeko ikerketa-taldea da. Elektronika eta Telekomunikazio Saileko, Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako Saileko eta Ingeniaritza Elektrikoko Saileko irakasleek eta Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktikaren saileko hizkuntzalari batek osatzen dute.
Taldeak esperientzia handia du hizketaren teknologiekin lotutako eremu guztietan: proiektuak egin ditu hizketa ezagutzeko eremuan, testua ahots bihurtzeko eremuan eta ahots bidez pertsonak identifikatzeko eremuan. Gainera, irudien eta ikusmen artifizialaren tratamenduko proiektuetan ere parte hartu du.
Ahotsa sintetizatzeko eremuan, taldeak testua ahots bihurtzeko AhoTTS sistema osorik garatu du ((htts://bips.bi.ehu.es/tts). Euskararako EAEn osorik garatu den mota horretako lehen sistema da. Hainbat urtetako lanaren emaitza da AhoTTS, eta enpresek eta erakundeek finantzatutako hainbat proiekturen laguntzarekin egin da. Enpresen artean, hainbat lankidetza aipatzekoak dira: Telefónica I+Drekin jardun da testua ahots eleaniztun bihurtzeko gailua garatzen euskarazko bertsiorako; Euskaltel euskal telekomunikazio-operadorearekin euskararako lanak egiten; eta Natural Vox enpresarekin, gaztelaniako lanekin.
Taldeak, gainera, esperientzia zabala du hizketa ezagutzeko eremuan, bai euskararako bai gaztelaniarako egindako lanekin. Taldeko kide batek parte hartu zuen euskararako ahotsa ezagutzeko datu-base bat garatzeko ahotsak biltzeko proiektu batean. Datu-basea Telefónica I+Drentzat zen. Bestetik, pertsonak ahots eta irudi bidez identifikatzeko proiektu bat garatu da duela gutxi Donostiako Informatika Fakultateko (EHU) Konputazio Zientzia eta Adimen Artifizialeko Sailarekin koordinatuta. Zientziaren kutxaGuneak finantzatzen du proiektua. Hizketa ezagutzeko hainbat proiektutan ere lankidetzan aritu da.
Egun, partzialki TIC2000-1005-C03-03 proiektuak finantzatuta, euskararako garatutako SPEECHDAT I motako datu-basea azpimarratu behar da. Gainera, hainbat aplikazio garatzeko datu-baseak diseinatu eta garatu dira domotikaren alorrean, baita minusbaliotasun fisikoetarako interfazeetarako aplikazioak ere. Lan guztiak egiteko, taldeak behar dituen tresnak ditu, bereak eta kanpokoak. Gaur egun, euskararako ezagutza-sistema bat lortu nahi du, euskarazko aplikazioak eta interfaze naturalak garatu ahal izateko. Halaber, lankidetza-proiektu batean dihardu taldeak Madrilgo Unibertsitate Politeknikoarekin eta Valladolideko Unibertsitatearekin (TIC2000-1669-C04-03); identifikazio-sistema biometriko multimodalak garatzen ari dira, eta pertsonak ahots bidez identifikatzeko lanetako ahotsaren ezaugarri prosodikoen erabileran dihardute nagusiki. Multimedia-aplikazioetarako elkarrizketetarako euskarazko Avatar 3D bat garatzen ere lankidetzan dihardu Baleukok eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutako proiektu batean. Zientzia eta Teknologia Ministerioak finantzatutako "Tecnologías del habla multilingüe" proiektuan lankidetzan dihardu Kataluniako Unibertsitate Politeknikoarekin eta Vigoko Unibertsitatearekin batera, bai eta COST 277 "Non linear Speech Processing" proiektuan ere.
IXA
IXA taldeak (ixa.si.ehu.es) dagoeneko hemeretzi urte daramatza Lengoaia Naturalaren Prozesamenduan lanean. Hasieran, oinarrizko ikerketa egin zuen, gero, datu-baseak eta tresna linguistikoak sortu zituen eta, 1993tik aurrera, hainbat produktu merkaturatu ditu; esaterako, Xuxen euskararako zuzentzaile ortografikoa (GI-93/474), 80.000 sarrerako EDBL euskararen datu-base lexikala (GI-97/1596 EDBL), lematizazioan oinarritutako Interneteko GaIn bilatzailea (2001/28/3556), Word testu-editorean integratutako Elhuyar euskara-gaztelania hiztegia (2001/28/3559), PATR-IXA aztertzaile sintaktikoa (2001/28/3563 PATR-IXA), Meteorologia Institutu Nazionaleko Multimeteo sistemaren barruan eguraldi-iragarpenak euskaraz sortzeko sistema, EuskalWordnet datu-base lexikoa semantikoa eta gaztelania-euskara itzulpen automatikoko Opentrad prototipoa (www.opentrad.org).
Merkatuko produktuez gain, enpresei hizkuntza-zerbitzuak ere ematen dizkie. Enpresa bezero eta kolaboratzaileei buruzko informazioa: http://ixa.si.ehu.es/Ixa/Estekak
Talde honek bere jarduera guztietan I+G metodologia bera aplikatu du eta ordena berean: ikerketa, hizkuntza-baliabideak sortzea eta produktuak merkaturatzea. Estrategia hori nazioarteko hainbat forotan aurkeztu dute. Estrategia horren emaitza garbia da: dagoeneko hamabi doktore dira eta guztira 47 kide; 31 informatikari eta 16 hizkuntzalari. Eusko Jaurlaritzak (1998 eta 1999) eta EHUk (1999-2002, 2002-2005) errendimendu handiko taldetzat hartu dute.
Taldeak Europako MEANING proiektuan parte hartu du (amarauen mailako hizkuntza-teknologia eleanitzen garapena, IST-2001-3446, 2002-2004; taldearen finantziazioa: 500.000 €).
Ikerketa Zentro Zientifiko eta Teknologikoaren (CICyT) eta Industria Ministerioaren mailan, parte hartu dugun proiektuen artean hauek dira aipatzekoak: HERMES (hemeroteka elektronikoak - bilaketa eleanitza eta erauzketa semantikoa, 2001-2003, taldearen finantziazioa: 30.000 €), zuhaitz semantiko-sintaktikoen datu-base baten sorkuntza (Profit 2002-2003, taldearen finantziazioa: 28.200 €), OpenTrad itzulpen automatikoko sistema kode irekian (Profit 2004-2006, proiektuaren finantziazio osoa: 1.000.000 €), itzulpen automatikoa kode irekian metodo hibridoak erabiliz (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa 2006-2009, 160.000€) eta lengoaia ulertzeko maila handiko teknologia eleaniztunen garapena (Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa 2006-2009, 157.800€). Proiektuei buruzko informazio gehiagorako: http://ixa.si.ehu.es/Ixa/Proiektuak.
Taldeko kideek hamasei tesi aurkeztu dituzte beti lengoaia naturalaren prozesamenduari buruz (hamabi tesi azken bost urteetan). Egun, beste 11 egiten ari dira. Argitalpenei buruzko informazio gehiagorako: http://ixa.si.ehu.es/Ixa/Argitalpenak




